Maiatzaren 9an hasi zen EuskoSkills txapelketa Ficoban, Irunen. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak antolatutako lehiaketa da, eta 3 egunez ospatu da: maiatzaren 9tik 11ra. Lehiaketa honetan, Euskadi osoko hezkuntza-zentroak hainbat arlotan aritu dira, hala nola sukaldaritza, mekanika, ile-apainketa... Kategoria bakoitzean irabazten duen pertsona izango da Euskadi SpainSkills-en ordezkatuko duena. Aurten 28 modalitate izan dira, eta guztira, 48 zentrotako 250 ikasle lehiatu dira.
Sukaldaritza kategorian Cebanc zentroko bi ikaslek hartu zuten parte: Erdi Mailako zikloko Izaro Perezek eta Goi Mailako ikasle den Aitor Tabernak. Bi lehiakideak modu ezin hobean jardun ziren eta Izarok bigarren postua lortu zuen egindako lan bikainari esker. Proban hiru ordu izan zituzten hiru plater prestatzeko: berdela saltsa batekin eta hornigaiekin, txerri-azpizuna saltsa batekin eta hornigaiekin, eta, azkenik, bizkotxo bat.
Epaileei dagokionez, bi taldetan banatu ziren. Alde batetik, elaborazio-prozesua ebaluatzen zuten irakasleak, eta, bestetik, plateraren zaporea puntuatzeaz arduratu zen dastatze-epaimahaia. Aitorrek oso puntuazio ona lortu zuen dastatze-epaimahaian, eta Izarok puntuazio altua lortu zuen bi epaimahaietan: (...) gainera, lehiakide gazteena zela pentsatuz, 16 urtekoa, eta egin zuena eginez, urrea bezalakoa da.” Aipatu zuen Emilio Audicana, bere irakasleak Izaroren lan bikainagatik txundituta, lehiakiderik gazteena izanik erabat ezezaguna den sukalde batean, bigarren postua lortu baitzuen: (...) epaimahai batekin sukaldean aritzea hain denbora mugatuan eta berea ez den sukalde batean (..) txapeldun bat da”
Lehiaketa honetan, Ethazi metodologiari esker ikasten diren trebetasun teknikoak eta zeharkakoak ere jarri ziren praktikan, eta Izarok menderatzen dituela erakutsi zuen. Lehiaketa aurretik, bi partaideek hilabete bat jardun zuten prestaketan elkarrekin eta irakaslearekin Cebancen “(...) bagenekien zein ziren osagai nagusiak, eta plater bakoitza hilabete lehenago praktikatzeko aukera izan genuen Cebanc-en, Aitor ikaskidearekin batera.” Praktika horri eta lehiaketan erakutsitako trebetasunari esker, Izarok 75 €-ko erosketa-balea lortu zuen, baita Bilboko Nerua jatetxera joateko aukera, podiumeko kideekin.
Esan bezala, EuskoSkills-eko irabazleak Euskadi ordezkatuko du Madrilgo SpainSkills-en. Aurten aldaketa bat egin da bertara joateko prozeduran: irabazleak ez du Madrilerako zuzeneko pasea, gainditu beharreko entrenamendu bat egin behar du. Lehen postuan sailkatu den ikasleak gainditzen ez badu, Izarok SpainSkills-en parte hartzeko aukera izango du. Esperientzia paregabea da, eta ikasle askok parte hartu nahi dute: “Esperientzia ikaragarria izan zen, eta berriro errepikatuko nuke” baieztatu du bigarren sailkatuak.