- Lidergo parekidea sendotzeko bidean martxan jarri dituen ekintzen berri eta Zentroan garatu duen berdintasun-egoeraren inguruko inkestaren datuen berri eman du
- Cebanc-ek Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoen trainerua babestuko du
Cebanc-ek prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Donostiako bere egoitzan. Bertan, Igone Urkiri Azpiazuk hartu du hitza, Formakuntza Zentroko Giza Baliabideen eta Berdintasun zuzendariak. Lidergo parekatua sendotzeko bidean jarri dituzten ekimenen berri emateaz gain, ikasleen artean banatu duten berdintasun-egoeraren inguruko inkestaren berri eman du. Prentsaurrekoan, Orio Arraunketa Elkarteko presidentea, Iosu Esnaola, eta emakumezkoen traineruko patroia, Nadeth Agirre, parte hartu dute.
Cebanc Formakuntza Zentroak Emakumearen Nazioarteko Eguna baliatu du emakumeen eskubideen defentsan eta berdintasunaren alde egiten ari diren ekimenen berri emateko. Igone Urkiri Azpiazu Giza Baliabideen eta Berdintasun zuzendariak nabarmendu du, gainera, “formazioan dagoela etorkizun profesional parekidearen giltzarria” eta “hezkuntzan berdintasun-balioak txartatzearen garrantziaren beharraz”. Zentzu horretan, Cebanc-en ideiak oso ondo bideratuta dituztela adierazi du, eta Zuzendaritza jarri du adibide gisa, “erantzukizun kargu gehienak emakumezkook betetzen baititugu”.
Jarraian, berdintasunerako bidean ematen ari diren urratsen berri eman du. Guztien artean, Lengoaia inklusiboaren gida jarri du balorean. “Eskola-komunitateak egin du, Cebanc osatzen dugun eragile ezberdinen parte-hartzearekin: zuzendaritzako kideak, irakasleak, bestelako langileak… bildu eta Berdintasun Batzordea osatu dute, eta bertatik atera da Gida. Helburua da egunerokotasunean baliagarria izango zaigun erreminta bat sortzea, ikasgela guztietan eskuragai egongo dena eta lengoaia inklusiboa lehenesteko baliabideak eskainiko dituena”.
“Momentuz -jarraitu du Igone Urkiri Azpiazuk-, dokumentua adostu dugu eta orain, bigarren fase batean, Gida argitaratu, geletan eta Zentroko beste espaziotan banatu eta erreminta erabilgarria bihurtu behar dugu. Oso pozik gaude egin dugun ibilbidearekin eta eskola komunitatean izan duen harrerarekin”.
Bestalde, sexu-jazarpenaren, edota sexuagatiko jazarpenaren, aurrean jarduteko protokoloa lantzen ari direla aurreratu du. Maiatza-ekaina aldean bukatutzat emango da eta “erabiltzeko beharrik ez izatea espero arren, beharrezkoa eta lagungarria suertatuko zaigu Zentroa halako egoera lazgarri baten lekuko bada”.
Bukatzeko, berdintasun plana gizarteratzeko asmoa sare sozialetan kanpaina burutzen ari direla; Zentroko agente ezberdinei bideratutako formazio ikastaroak antolatzen ari direla, eta, Berdintasun Zigilua lortzeko prozesua martxan jarri dutela adierazi du Giza Baliabideen eta Berdintasun zuzendariak, “azken honekin enpresa munduan genero berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko bikaintasun-estandarrak abian jartzea bilatzen da”.
Berdintasunaren aldeko aldarria, ordea, haratago doa Cebanc-en. Eta horren adierazgarri, Orioko Arraunketa Elkartearekin sinatu berri duten hitzarmena hemendik aurrera emakumezkoen trainerua babesteko. “Lidergo parekidearekin dugun konpromisoaren adierazgarria da. Orioko arraunlariak, baita gainontzeko klubetakoak ere, berdintasunaren alde egiten duten lanarekin identifikatuta sentitzen gara. Urteetan gizonezkoen kirol-esparrua izan dena, emakumezko arraunlariei esker, orain beste modu batean ikusten da, aldaketa bat eman da, eta aldaketaren lehen lerroan emakumeak izan dira. Eredu hori bizitzako beste esparru batzuetara eramaterik izango bagenu, ikaragarria litzateke”.
Zentzu horretan, Cebanc-ek bere hondar alea jartzen duela bistan da. Izan ere, oso barneratuta daude berdintasun balioak eta baloreak. “Hezkuntza ezinbestekoa da berdintasun printzipioak gizarteratu nahi baditugu. Gure ikasleak berdintasun baloreetan hezten ditugu eta eredu horrek gizarte parekide eta justuago bat sortzen laguntzen du. Gure Zentrotik ateratzen diren ikasleek balore horiek bere egiten badituzte, eurek sortzen dituzten negozio edo lanean ariko diren enpresetan balore horiek zabalduko dituzte eta emaitza gisa lan-mundu parekideago bat eraikitzea espero dugu”.
Bukatzeko, ikasleen artean zabaldutako inkesta baten berri eman du. Inkestarekin, ikasleen pertzepzioa jaso nahi izan dute, hain zuzen, berdintasunaren ingurukoa. Guztira, 166 ikaslek bete du inkesta (gehienak, 16-18 urte bitartekoak; % 56 mutilak eta % 41 neskak) eta Igonek eman duen datuaren arabera, ikasleek Cebanc berdintasunaren eredu ikusten du; gizartearen, udalerriaren edo soldata arrakalarekin alderatuta, ikasleek Cebanc hobe ikusten baitute.