Doakoak dira eta interesa duten pertsonek Kultura sailaren bitartez egin behar dituzte izen-emateak
Oinarrizko ezagutzak bereganatu nahi dituzten 55 urtetik gorako herritarrei zuzendutakoak dira
Haritz Alberdi Arrillagak, Getariako alkateak, eta Kote Bernal eta Eva Fernándezek, hurrenez hurren Cecanc-eko zuzendari eta formakuntza aholkulariak, prentsaurrekoa eskaini dute Getariako udaletxean 55 urtetik gorako herritarrei zuzendutako bi ikastaroren berri emateko. Biak ala biak, zahartzaro aktiboa sustatzeko ikastaroak dira eta konpetentzia digitala zein autonomia pertsonala garatzera bideratuta daude.
Bi tailer aurkeztu dituzte goizeko prentsaurrekoan: “Dietak eta sukaldaritza osasuntsua” eta “Telefono mugikorra, erabilera optimizatzeko jarraibideak”. Lehenengoa otsailaren 21ean hasi eta martxoaren 16an bukatuko da; 20 orduko tailerra da, 9 saiotan egitekoa, astero ordu eta erdiko bi eskolekin. 15 lagunek eman dute izena eta besteak beste, elikadura hobetzeko eta kontsumo ohitura osasuntsuak sustatzeko gakoak emango dituzte.
Bigarrengoa, “Telefono mugikorra, erabilera optimizatzeko jarraibideak”, apirilaren 24tik maiatzaren 22ra egingo da, eta dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Aurrekoa bezala, 9 saiotan eta 20 ordutan egingo da; eskolak Itxas Etxea Jubilatu eta Pentsionista Elkartean emango dira astelehenen eta asteazkenetan, arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara. Ikastaroan parte hartzen duten pertsonek telefono mugikorraren erabilera optimizatzeko jarraibideak jasoko dituzte, Eva Fernández Cebanc-eko formazio aholkulariaren hitzetan, “behar-beharrezkoak gaur egungo gizartean”.
Ikastaroa Getariako 55 urtez gorako herritarrei zuzenduta dago eta bertan parte hartzeko interesa daukaten herritarrek Getariako Udaleko Kultura sailean eman behar dute izena. Ikastaroa, aurrekoa bezala, doakoa da eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatu da.
Aurkezpen ekitaldian Kote Bernal Cebanc-eko zuzendari komertzialak zahartzaro aktiboa sustatzeko ikastaroen garrantzia nabarmendu du. “Munduko Osasun Erakundearen (MOE) arabera, zahartzaro aktibo batek ongizate fisikoa, soziala eta burukoa areagotzen du, eta baliagarria da bizi iraupena, produktibitatea eta bizitza kalitatea hobetzeko”.
Bere iritziz, baliabide hauei esker zahartzaro aktiboaren lau zutabeak garatzen dira, “hau da, jarduera fisikoa, ongizate mentala, parte-hartze soziala eta, azkenik, elikadura osasuntsua”.
Bere aldetik, Haritz Alberdi Getariako alkateak, Cebanc eta udaletxearen arteko sinergiaren garrantzian jarri du fokoa.
Etenik gabeko ikasketa prozesua Gipuzkoan
Getarian aurkeztu diren ikastaroak Cebanc-ek beste bost udalerritan (Irun, Idiazabal, Legorreta, Segura eta Zaldibia)antolatu dituen ikastaro-programaren baitan txertatzen dira eta etenik gabeko ikasketa prozesua sustatu nahi dute. Ikastaro hauen bidez 55 urtetik gorakoen ikasteko grina piztu nahi da eta, bide batez, oinarrizko ezagutzak eman nahi zaizkie konpetentzia digitala, pertsonala edo soziala bezalako esparruetan. Horrez gain, autonomia pertsonala garatzen laguntza eman nahi zaie.
Formazio prozesu honen baitan sei ikastaro hauek eskaintzen dira: Ekonomia zirkularra, sukaldaritza eta tokian tokiko produktuak. Baratza; Elikadura, bizimodu osasuntsu baten oinarri: dietak eta sukaldaritza osasuntsua; Lehen laguntzak eta arriskuen prebentzioa etxean; Norbere burua zaintzeko eta egoera fisiko zein osasuntsua hobetzeko teknikak; Thai masajeak; Telefono mugikorra, erabilera optimizatzeko jarraibideak; Egunerokorako konpetentzia digitalak; eta, azkenik, elikadura.