Sukaldari donostiarrak eman du lehenengo masterclaas-a eta jarraian, beste hamaika izango dira, hilabetero bat
Cebanc-ek, Gipuzkoako Goi Mailako Ostalaritza Eskolak, ekimen berri bat abiatu du formazio zentrotik pasa diren eta ospea lortu duten ikasleei ahotsa eman eta bere talentua posizionatzeko, formazio gastronomiko-turistikoa goratzeko eta Eskola talentu-sortzaile iturri agortezina dela ikusarazteko.
Cebanc-etik aditzera eman dutenez, ekimenarekin ikasleak formatu eta motibatu nahi dituzte. “Dedikazioa, diziplina eta lana jartzen denean, urrutira heltzeko aukerak biderkatu egiten direla azaldu nahi dugu. Gonbidatu guztiak Cebanc-eko ekosisteman parte hartu dute; gehienak, gure ikasleak izan dira, beste batzuk, berriz, irakasleak. Eta guztiek komunean dute negozio baten ardura hartu dutela”.
Ruben Trincado sukaldari donostiarra izan da lehenengo gonbidatua. Ostalaritza eta Turismo Goi Zikloko ikasleen artean aritu da, eta bihar berriro izango da, esperientzia beste ikasle batzuren aurrean errepikatzen. “Lermak aprobetxatzea. Janaria alferrik ez galtzea eta bazterkinak erabiltzea” izena eman dio masterclaas-ari, eta besteak beste, sukaldeetan sortzen den soberakinak errezeta ezberdinak egiteko erabilgarria izan daitekeela frogatzeko errezeta ezberdinak egin ditu.
12 hilabete 12 talentu ekimenak gonbidatu gehiago izango ditu datozen hilabeteetan. Guztiek, Cebanc-en 45 urteko ibilbidean parte hartu dute eta Trincadoren ondoren, Maddallen Arizmendi talentu gaztea eta etorkizuneko ekintzailea (otsaila); Casa Urolako Pablo Loureiro (martxoa); Maun Grill Bar tabernako Unai Paulis (apirila); Gorrotxategi gozotegiko Joanes Gorrotxategi (maiatza); eta Zazpi Jatetxeko Paul Arrigalla (ekaina) izango dira.
Uztailetik aurrera izango diren gonbidatuen berri ekainean emango dute. Bitartean, masterclass guztiak Cebanc-eko You Tube kanalean kontsultatzeko aukera izango da eta Ostalaritza Eskolako arduradunek jakinarazi dutenez, urte bukaeran errezeta liburu bat argitaratuko dute hilabete guztietako errezetak eta sukaldarien biografiak jasoz.