300 haurrek parte hartu dute Cebanopolis udako tailerretan Gipuzkoako Ostalaritza Goi Eskolan, Cebancen.
Ez dakigu Elena Arzak, Martín Berasategi edo Andoni Luis Adurizen ondorengoak izango diren, baina zalantzarik ez dugu Cebancek antolatutako udako tailerrak aho zapore ona uzten ari zaizkiela goizero Gipuzkoako Ostalaritza Goi Eskolako sukaldeetara joaten diren haurrei.
Udako tailerren helburuetako bat haurrek errezetak egiten, merkatuak bisitatzen edo sukaldaritzaren ikuspegia zabaltzen esperientzia gozagarria izatea da. Gainera, ikastaroekin haurrei autonomia garatzen eta garapen kognitiborako edo sormena bultzatzeko tresnak eskaintzen zaizkie.
Bada, esan daiteke, tailerrak amaitzeko astebete falta denean, helburua aise bete dela, eta horren lekuko da ikasleen eta familien partetik jasotako feedback-a. "Pozik daude. Ikasturtea amaitu ondoren, zentroan emandako errezeta-liburua lagun dutela, beraien trebetasunak praktikan jartzen jarraitzen baitute etxeko sukaldeetan, gurasoen laguntzarekin ", adierazi dute Cebancetik.
Parte-hartze errekorra
Duela 20 urtetik garatzen ari den jarduera sendotu egin da. Parte-hartzeari buruzko datuek hori berresten dute, izan ere, aurten inoizko parte-hartzerik handiena egon da, 300 ikaslerekin, orain arteko errekorra gaindituz programatutako hiru tailerretan: miniaturazko sukaldaritza, sukaldaritza dibertigarria eta gozogintza sortzailea.
Tailerrak ekainaren azken astean hasi ziren, eta aste honetan amaituko dira, bosgarren eta azken txandarekin. Baina lortutako arrakasta ikusita, Cebancetik datorren udarako jarraipena ziurtatu dute.