Donostia – 2021eko urriaren 20a, asteazkena
CEBANC-ek hitzarmen bat sinatu du gaur, urriak 20, asteazkena, WSET (Wine and Spirit Education Trust) ikastaroen hornitzaile ofiziala den Artean Wines erakundearekin, eta, horrela, WSET kualifikazioak emango diren eta dagozkion azterketak egingo diren Gipuzkoako zentro bakarra izango da.
Ekitaldian izan dira Paloma Enriquez, Lanbide Heziketako eta CEBANC Sukaldaritza eta Ostalaritza Eskolako zuzendaria, Josean Martín, Artean Wines elkarteko bazkide-sortzailea eta Teresa Guilarte Simon, bazkide-sortzaile sommelierra, diplomaduna eta WSET ikastaroetako hezitzailea. Hitzarmena sinatu ondoren, biak pozik agertu dira lankidetza berri honekin.
Paloma Enriquezek azpimarratu du CEBANC-entzat oso garrantzitsua dela Gipuzkoan horrelako ikastaroak emango diren zentro bakarra izatea.
Jesus Mari Ormazabal CEBANC-eko sommelier kolaboratzaileak, prentsaurreko honetara ere hurbildu denak, azpimarratu duenez, "Nahi genuena lortu dugu, ardoarekin lotutako profesionalentzako ikastaro espezializatua Gipuzkoan".
Bestalde, Josean Martínek adierazi du CEBANC-en babesa izateak ez diela soilik aukera emango Gipuzkoako ardoaren profesionalei eta maitaleei WSET kualifikazioak eskuratzeko, nazioartean onarpen handia baitute; aitzitik, laguntza ematen die haien prestazioa indartzeko, CEBANC-ek duen kalitate-ibilbidea kontuan hartuta. Artean Wines programari dagokionez, hitzarmen honek aukera ematen du bere prestakuntzak zabaltzen jarraitzeko eta CEBANC-ekin lankidetzan prestakuntza-proposamen berriak ezartzeko, betiere, ingurunearen errealitatera egokituta.
Ikastaroa: WSET Ardoaren 2. maila
Ikastaroa azaroaren 22an eta 29an izango da, eta Teresa Guilarte Simón sommelier, diplomatu eta hezitzaileak zuzenduko du. Ikastaroan zehar, ardoari buruzko oinarrizko ezagutza duten edo ardoan interes orokorra duten pertsona guztiei zuzenduta, honako gai hauek jorratuko dira: ardoaren ekoizpena eskualdeko eta nazioarteko mahats-barietate desberdinetatik abiatuta, etiketen interpretazioa edo ardoak egoki hautatzeko oinarrizko orientazioa. Gainera, parte hartzen duten pertsonek dastatzeak eta ebaluazioak egiteko nozioak jasoko dituzte.
Ardo aditu bihurtu nahi duten guztiek CEBANC edo Artean Wines webgunetik eman ahal izango dute izena ikastaroan. Ikasturte honetan matrikulatzeko azken eguna azaroaren 12a izango da.
Artean Wines
Artean Wines da egoitza Euskadin duen eta WSET (Wine and Spirit Education Trust) ziurtagiriak emateko eta dagozkion azterketa ofizialak kudeatzeko ziurtagiria duen lehen erakundea. WSETek 50 urte daramatza bere ikastaroak garatzen eta ematen, eta nazioartean erakunde nagusia izatera iritsi da ardoari eta destilatuei buruzko prestakuntzari dagokionez, 70 herrialde baino gehiagotan baitago.