Futbola dute pasio, baila ez diete bizkarra ematen formazioari. Txinako zortzi gazte Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak ikasten ari dira Cebancen eta, aldi berean, Wanda Group Txinako multinazionalak antolatu eta Real Sociedadek koordinatutako nazioarteko prestakuntza-proiektu batean parte hartzen dute, futbolean trebatzeko.
Haung Jianming, Wang Haocong, Xiong Guohong eta Zhang Tiazheng-ek Sukaldaritza eta Gastronomiako zikloa egiten dute; Yang Hang-ek, Administrazio Zerbitzuetakoa; eta He Yunxin, Ma Yinrong eta Shan Yiming-ek, berriz, Informatika eta Komunikazioa oinarrizko zikloa. 16-17 urteko zortzi gazte horiek Cebanc-eko eskolak, gaztelaniako eskolekin eta kirol- eta hezkuntza-programa horren ekintzekin uztartzen dute. Wanda programa klub txuriurdinak eta multinazional txinatarrak hiru urterako sinatutako akordio komertzial baten parte da.
Astelehenetik ostiralera, Zubietan entrenatzen dute, eta Zubieta metodologia ezagutzen dute; gainera, Reale Arenako partidetara joaten dira, eta Gipuzkoako hainbat herritan izaera kultural eta gastronomikoko jardueretan parte hartzen dute. Realeko partida ofizialetan parte hartzen ez duten arren, bai jokatzen dutela lagunarteko partidetan eta, gainera, horietako batzuk, batzuetan, Vasconia C.D., Antiguoko, Lengokoak eta Añorgarekin utzita joaten dira, guztiak Realeko klub hitzartuak. Ostegunero Realak koordinatutako programa honetan bigarren urtez parte hartzen duten 19 gazte txinatarren arteko partidak jokatzen dituzte Zubietan.
Zortzi gazteak Olarain egoitzan bizi dira, Donostian, eta Yung Yang Chen, aspalditik Donostian bizi den txinatarra, ikasleek egonaldi atsegina izan dezaten eta euren betebeharrak bete ditzaten arduratzen den tutorea da. Ikastetxeak (Cebanc eta Donostiako beste hiru) eta Zubieta dira proiektuaren ardatzak "Iaz hasi ziren DBH ikasten beste zentro batean baina, hizkuntzaren zailtasunengatik, oso aldapa gora egin zitzaien. Aurten Cebancen hobeto daude ", azaldu digu. "Orokorrean, aplikatuak dira, nahiz eta futbolak denbora asko kentzen dien“, gaineratzen du Yungek.
Guztira, 19 gazte txinatar daude Donostian programa honekin, eta, behin 18 urte beteta, jaioterrira itzuliko dira. "Nahiz eta hemen dagoen mailarako litekeena den askorik ez destakatzea, ikasten ari diren guztiarekin, Txinako maila estandarrarentzat futbolari onak izatera irits daitezke. Asmoa da egunen batean Txinako Ligan jokatzeko aukera izatea. Wandak berak talde bat dauka ", adierazi du Yungek.
Grabazioa Realarentzat
Duela egun batzuk, Realeko prentsa talde bat Cebankeko instalazioetara joan zen bertan ikasten ari diren zortzi gazteak grabatzera, Wandak antolatzen duen proiektuaren inguruko hainbat erreportaje egiten ari baitira. Behin bideoak bukatuta, klub txuriurdinaren euskarrietan zabalduko dituzte, batez ere Reala dagoen Txinako sare sozialen bidez: Weibo eta Douji.