CEBANC, Beterri-Buruntza eskualdea eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko ordezkariek gaur goizean Beterri-Buruntza eskualdeko tokiko enplegu prestakuntza planaren aurkezpena eta balantzea egin dute: Oinarrizko lanak ostatuetako pisuetan. Lanbidek berezitzat jo duen proiektua. Bukaeran partaideetako seik egiaztapen profesionalaren agiriak jaso dituzte. Kurtsoa 2016ko azarotik 2017ko otsailera bitartean burutu zen Cebanc-en, guztira 380 ordu.
Jon Zuluetak, eskualdea ordezkatuz; Josune Mujikak, Usurbilgo Udaletxekoa eta proiektuaren koordinatzailea; Lanbideko Zuriñe López de Aranak; CEBANCeko Kote Bernalek; Hotel Orlyko langile batek, proiektuan parte hartu duten enpresen izenean; eta ikasle batek hitz egin dute aurkezpen ekitaldian.
Proiektu “berezi” honen xedea honakoa da: beraien prestakuntza maila baxua dela-eta edota iraupen luzeko langabetuak direlako lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen txertatze laborala lortzea. Beterri-Buruntza eskualdeko udalerrietan (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) erroldatutako hamalau emakumek eta gizon batek parte hartu dute. Horietatik, bederatzik lan-kontratua lortu zuten (gaur egun, zortzik jarraitzen dute), eta seik praktiketako kontratua (gaur egun, bik jarraitzen dute). Guztiek lortu zuten egiaztapen profesionalaren agiria.
Josunek Mujikak esan du proiektuaren gakoa izan dela sektore publiko eta pribatuaren arteko elkarlaneko sarea: CEBANCek formazioa ipini du; Beterri-Buruntza, Lasarteko Lanbideren bulegoarekin batera, parte-hartzaileak bilatu ditu, eta sei enpresa pribatu parte-hartzaileak kontratatzeko konpromisoa hartu dute. Lanbidek bere gain hartu du finantziazioaren %79a; Udalek, %14a eta enpresek, %7a.
Kote Bernalek azpimarratu du CEBANCen inplikazioa zailtasunak dituzten pertsonen txertatze laboralean; eta proiektuaren arrakastaren arrazoiak zeintzuk izan diren azaldu ere: sektore turistikoaren ezagutza sakona, CEBANCek duen Lan Poltsa, eta elkarlanerako 4.000 enpresen sarea. “Poz handia izan da guretzat proiektu hau, eta baita Beterri-Buruntza eskualdearekin izandako elkarlana ere. Izan ere, Lanbide Heziketarako edozein zentroaren helburu nagusia ikasleek lana aurkitzea da”.
Josune Mujika, Beterri-Buruntza.
Zuriñe López de Arana, Lanbide.
Ikasleak eta irakasleak.