Egitasmoaren helburua da gizarteratzeko edota lan-munduan txertatzeko arazoak dituzten pertsonen integrazioa sustatzea.
Cebanc-eko sukaldea jaialdi gastronomiko baten lekuko izan da. Oraingoan, ordea, Europar Batasunaren babesa duen eta gizarteratzeko edota lan-munduan txertatzeko arazoak dituzten pertsonen integrazioa sustatzen duen Food Includes berrikuntza proiektuaren baitan antolatutako egitasmo bat izan da protagonista.
Cebanc-ek antolatutako ekimena urtarrilaren 31n egin zen, eta, Gurutze Gorriaren, Caritasen, Jatorkiaren eta Mujeres Divinas Nigerianas elkarteko boluntarioen laguntzarekin egin zen. Boluntarioek lurraldeko ezberdinetako plater tradizionalak prestatu zituzten prestakuntza- zentroko sukaldean, besteak beste, Marokoko pastela, txipiroi-zopa eta oilasko-tajina; Errusiako, vinagreta; Kolonbiako, abojarradoa; Nigeriako, arroza jollof erara; eta, Nicakaragua, vigorona. Cebanc-eko ikasleek, berriz, txistorra eta txokolate taloak egin zituzten.
Elikaduraren sektorea bide eraginkorra da zailak diren gizarte-multzoetara iristeko eta hauek inplikatzeko, batez ere, hainbat arrazoi direla medio, gizarteratzeko edo lan-merkatuan integratzeko arazoak dituzten pertsonengana. “Gure lurraldeetako demografia aldatzen ari den neurrian, ikusten ari gara pertsona askok zailtasunak dituztela hezkuntza arautuan sartzeko, eta, ondorioz, lan-merkatuan integratzeko. Mota honetako ekimenekin, arrazoi kultural, genero ikuspegi edota egoera sozioekonomikoagatik baztertuta dauden gizarte-multzoei ateak zabaldu nahi dizkiegu”, azaldu du Irida Tasek, Cebanc-eko Nazioarteko Egitasmoen arduradunak.
Cebancek antolatutako jaialdi gastronomikoa arrakastatsuak izan diren sukaldaritza sozial eta komunitario proiektuak ditu oinarri, eta, behar gehien duten pertsonen parte-hartzea sustatzea du xede. Food Includes izeneko egitasmoaren babesa du, eta elikadura sektorearen indarra baliatu nahi du ikasteko aukerak malgutzeko, helduen hezkuntza-sarbidea errazteko eta zailtasunak dituzten pertsonen formazioa eta kualifikazioa sendotzeko.
Food Includes egitasmoak, besteak beste, helburu hauek gauzatu nahi ditu: helduen hezkuntzan labean ari diren profesionalei tresnak ematea sukaldaritza pedagogia gisa erabiltzeko, eta, bide batez, iristeko zailak diren helduak hezkuntzara erakartzeko; helduen hezkuntzan jarduten dute erakundeei ikastaro mota hauek modu azkarrean txertatzeko aukera ematea; eta, azkenik, hobekuntzak txertatzea ikastaro hauetan sarbidea erraztuz, parte-hartzea sustatuz eta ikasleen formazio hobetuz.
Sukalde-lana bukatu ondoren, Alemaniatik, Belgikatik, Irlandatik, Poloniatik eta Kataluniatik iritsitako Food Includes egitasmoko bazkideek jakiak dastatzeko aukera izan zuten, sukaldari boluntario eta Cebanc-eko sukaldera gerturatu ziren pertsona guztiekin batera (senitartekoak, lagunak, prestakuntza-zentroko ikasleak).
Ekitaldian izan zen Bartzelonako Univeritat-eko Fundació Solidaritat erakundeko Cati Jerezek Food Includes ekimenak janariaren bidez hainbat ildo jorratzen direla berretsi zuen. Janaria, artearekin batera, hizkuntza- eta ekonomia-oztopoak gainditzeko gai den jardun horietako bat dela adierazi zuen; gainerako pertsonekin modu horizontalean erlazionatzea ahalbidetzen duena.