Cebanc izan da Sa Coman (Mallorca) egin den Sukaldaritza Eskolen Lehiaketa Nazionalean ordezkaritza handiena izan duen zentroetako bat.
Martxoaren 22tik 24ra bitarte ospatu da Protur Chef, estatuko sukaldaritza eskolen arteko lehiaketa. Lehiaketaren 6. edizioa izan da aurtengoa; eta bertan izan dira Izaro Perez eta Ander Pagola Cebanceko ikasleak.
Protagonisten artean hegaluzea, osagai bereizgarria, epaimahaikide izan diren sukaldariekin batera; edizioko izarra.
Maca de Castro, Marc Fosh, Adrián Quetglas, Irene Gutiérrez, Javier Hoebeeck, Jordi Cantó, Rafa Sánchez, Martas Rosselló, Juan Pinel eta Juan Genestra izan dira platerak dastatu eta irabazleak hautatzeko ardura izan duten profesional esanguratsuak.
Lehiaketaren kanporaketak martxoaren 22an ostirala, eta martxoaren 23an larunbata izan dira. Taldetan antolatuta 18 semifinalista aurrez-aurre, finalerako 6 paseak eskuratzeko lehian aritu dira.
Final handia martxoaren 24an ospatu da, non Cebanc-eko ikasle Izaro Perezek parte hartu duen. Edizio honetako sukaldari gazteena izan da gainera, 17 urterekin lortu du finalerako txartela.
“Un bocado” deituriko platera aurkeztu du Izarok epaimahaiaren aurrean: bi saltsa eta garratzetik hasita umamirainoko zaporeak batzen dituen sorkuntza koloretsua. Eskuekin eta hozkada bakarrean gozatzeko egina.